Category: Albisteak

Zorionak Lizarrako euskaldun eta euskaltzale!

Mai 02 2013

.
Gaurko Udalbatzak, Lizarran euskararen erabilera arautuko dituen ordenantzak onartu ditu! Hemen duzue osorik, gure zinegotziek horren harira egin duten irakurketa. Zorionak Lizarra!

“Gure hiria ezohiko egoera batean bizi izan da urte luzez, antzeko Udalek ez bezala, gaur arte ez duelako arautu euskararen erabilera. Eta jakina denez, arautzen ez diren gauzak borondatearen esku geratzen dira; eta euskararekin, maiz borondate on gutxi topatu dugu.

Lizartarrok ageriko atxikimendua adierazi diogu euskarari aspaldidanik, eta honen erakusgarri azken hamarkadetan euskararen mundura batu garen milaka herritarrak. Euskaltegiaren bidea hartu, eskolena izan ala familia barruko transmisioaren bitartez, azken urte hauetan jendarteak aurrerapausu nabaria eman du euskara Lizarrako eguneroko bizitzan txertatzeko. Honek baina, ez du behar bertzeko islada izan Udalean, eta horren erakusgarri Kontseiluak egindako hizkuntza politikaren bi neurraldietan gure hiriak eskuratutako emaitza negargarriak, soilik Tutera eta Zangozaren aurretik.

Gaur pozteko eguna dugu euskaldun eta euskaltzaleok. Ospatzekoa dugu, bai, baina zer ospatuko dugu? Jakin badakigu arautegi honek ez duela hamarkadetan Udal honek izan duen jarduna berehala aldatuko, denbora beharko da emaitzak ikusten hasteko; ez hori bakarrik, ukatu ezineko zailtasuna izanen da Euskararen Ordenantzaren kontsentsutik at geratu dela agintean den alderdia. Gainera, aldaketa sakona lortu nahi badugu, indartu beharreko hiru zutabe ezinbertzeko ditugu: erabakiak, erabaki horiek gauzatzeko baliabideak eta prozesu honen emaitzak ebaluatu.

Hortaz, galdera errepikatuko dut: zer dugu bada gaur ospatzeko? Bada, hain zuzen ere, euskaldunoi lan egiteko ate berriak zabaldu zaizkigula; etapa bat bukatu dugula eta berri baten hastapenetan sartzen ari garela. Bide honetan bi tresna sortu ditugu bi urte luze hauetan. Bata, agerikoa, arautegi hau, bere argipuntu eta zalantzekin, tresna guztiek bezalaxe, lan egiteko lanabesa behar duena, ez erakuslehio batean uztekoa.

Bigarrena, lurruntsuagoa, lausoagoa, ahuskorragoa, ahulagoa, baina berebiziko garrantzia duena: kontsentsua, gaiarekin sentsibilitaterik handiena izan ahal dugun alderdien arteko adostasuna. Erabakiak hartzen jarraitzeko, baliabideak esleitu ahal izateko, asmo onak gauzatzeko, ezinbertzeko izanen zaigu azken urte eta erdian ordenantzaren inguruan sortu den konplizitateari eustea eta sakontzea.

Norbera beretik emanez, euskaldunok eta euskaltzaleok erakutsitako konpromezuak hauspoturik, bide honi eutsi egin behar diogu. Eta, hortaz, ezin solasaldi hau bukatu kontsentsua posible egin duten PSNri, NaBairi, Ezker Batuari eta Aralarri eskerrak eman gabe. Esker anitz beraz denoi. Ordenantza hau bide emankor baten etapa soil bat bertzerik ez dadila izan.”

Ongi etorri Laura Mintegi

Api 19 2013

.

Blog-a aldatzen ari garenez zenbait arazo sortu zaizkigu eta 2013. urtean eskegitako artikulu guztiak desagertu zaizkigu. Berreskuratzen saiatzen ari gara, ordura arte, hemen duzue eskegitako azken artikuluetariko bat, Laura Mintegiren ingurukoa. Apirileko Udalbatzan gure zinegotzi Regino Etxabek Alkateari esandakoa da, zuzena eta gogorra, argudioz beteta eta erantzun aukerarik gabe.

Gogoratzearren esango dugu gure Alkate “maiteak” Laura Mintegiri ez ziola baimenik eman Gustavo de Maeztu museoan grabatzeko. Hau izan zen Reginoren erantzuna, goza ezazue:

begoña banderekin

Blog berria

Api 19 2013

Kaixo Lizartar:

aldaketa garaia da, gizarteak eskatzen du. Egiten diren politikak aldatu behar ditugu; azken urteetan izan ditugun agintari petralak aldatu behar ditugu; azken finean, gizarte eredua aldatu behar dugu!!

Aldaketak direla eta ez direla, gure blog-a ere aldatu dugu. Hauxe da emaitza eta irudi berria.

Aldaketaren ardatz EHBildu izango da Euskal Herria osoan, baita Lizarran ere, beraz, hemen aurkituko dituzu hemendik aurrera Lizarrako egoera tamalgarria aldatzeko egiten diren ekimenen berri. Espero dezagun guztion artean aldaketa aurrera eramatea. Hau izango da gure topagune berria interneten bitartez. Guztiz eguneratu arte sorraraz ditzakegun arazo edo berandutzeak ulertu, mesedez.

Gora Lizarra eta Gora Zuek!!!!

Euskararen Ordenantza proposamenaren laburpena

Abe 21 2012

Ega ibaia, urak dakarrena urak daroa

Aurreko artikuluan, Euskararen Ordenantzaren beharra eta jarraitutako bidea, iragarri bezala, gaurko testuan Euskararen Ordenantzaren laburpena aurkezten dizuegu. Zenbaki hutsei erreparatuta, Ordenantza 53 artikuluk eta 9 xedapenek osatzen dute 9 kapitulutan banaturik. Orrialde kopuruaren aldetik, euskarazko aleak 11 betetzen ditu eta gaztelaniazkoak beste hainbeste. Zenbakietan baino, edukian dago mamia; hortaz, ondoko lerrootan, kapitulu bakoitzaren gaineko laburpen txikia eginen dugu paragrafoz paragrafo.

Read more ...

Euskararen ordenantzaren beharra eta jarraitutako bidea

Abe 19 2012

Nafarroako Euskararen Legearen arabera (18/1986) Estella-Lizarra Eremu Mistoan dago. Bertan, udalerri handi gehienek Euskararen Ordenantza dute herrian euskararen erabilera kudeatzeko. Berez, 2.000 biztanletik gorako 15 udalerrietatik 13-k badute (Iruñea, Burlata, Antsoain, Barañain, Agoitz, Uharte, Berriobeiti, Berriozar, Zizur Nagusia, Orkoien, Gares, Atarrabia eta Eguesibar). Haietako batzuk jada 15 urte daramate ordenantzen bitartez euskararen erabilera kudeatzen. Gure hiriaren egoera ezohikoa da beraz.

Read more ...